2009/05/20

Sri Lankako Gobernuak amaitutzat eman du gatazka

Sarraskia eginez eman dio amaiera 26 urteko gatazkari. Gerrillari buru guztiak hil ondoren, LTTE Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreak garaitu ditu.

Azken erasoaldian Vellupillai Prabhakaran liderra, haren bigarrena, semea eta gainontzeko buruzagiak ez ezik, milaka zibil ere hil dituztela salatu dute tamilen aldeko iturriek. Halakoak argitze aldera, Sri Lankako Gobernuak giza legedia urratu duen edo ez ondorioztatzeko, nazioarteko ikerketa abiatuko duela jakinarazi du EB Europako Batasunak. Horren haritik, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moon Sri Lankan izango da asteburuan. Erakundearen arabera, gutxienez 6.500 zibil hil ditu armadak urtarrilaz geroztik.

Tamil
"Garaipen ospakizunak Kolonbon. Tamil Tigreek amore eman dute; armak utzi dituzte, Sri Lankako Armadak tamil herria sarraskitu ez dezan. Buruzagiak garbitu egin dituzte; ehunka mila tamil ihesean dira, edo, okerrago, kontzentrazio esparruetan. Nazioarteko begirale eta giza laguntzako langileek infernua deskribatu dute.

Gerra amaitu da Sri Lankan. Orain, okerrena hasiko da tamilentzat. Sri Lankako Gobernuak ez du bake prozesurik bultzatzeko asmorik. Aitzitik, indar armatuen barnean azkeneraino joateko grina nagusitzen ari da, eta presidentea ez dago Armadari kontra egiteko moduan; hari zor dio oraingo garaipena.

Nazioarteak, Erresuma Batua buru dela -haren kolonia ohia izanik, badu gatazkan erantzukizun parte bat-, esku hartzen ez badu, mende laurden honetako odolusterik handiena izango dena eragozterik ez da egongo. "

Koldo Aldabe, Berria, 2009ko maiatzaren 19an.

Aucun commentaire: