2009/05/23

Bartzelonako Herri Olinpiada

Herri Olinpiada (katalanez Olimpíada Popular) Bartzelonan 1936ko uztailak 19 eta 26 bitartean ospatu beharreko ekitaldi kirolanitza zen, azkenean, ospatu ez zena, olinpiada inauguratu baino egun bat lehenago, Espainiako Gerra Zibila hasi baitzen.

Herri Olinpiada, urte bereko Berlingo Olinpiar Jokoen aurkako protesta gisa antolatu zen (Hitler zegoen boterean). Berriki aukeratua zegoen II. Errepublikako gobernuak, Berlingo jokoak boikotatzea erabaki zuen espainiar kirolariak jokoetara ez bidaliz, eta nahiago izan zuen kirol ekitaldi alternatibo bat antolatzea, baina data ezberdin batean.

Herri Olinpiadak, aurreko olinpiaden egitura aldatzen zuen, eta parte-hartze forma ezberdinak zabaltzen zituen lurraldetasunari dagokionez. Hiru kategoria ezarri ziren: nazionala, erregionala eta lokala. Honela, ordezkaritza nazionalek, kirol bakoitzean hiru ordezkaritza bidal zitzakeen, eta horrela, estatuen arteko lehiaketa bakarrik ez zela izango aditzera ematen zen, baizik eta estatukoak ez ziren ordezkaritzek ere parte har zezaketela, Euskadi, Alsazia, Frantziaren zein Espainiaren menpeko Maroko kasu.

22 naziotako 6.000 kirolarik izen eman zuten. AEB, Herbehereak, Frantzia, Belgika, Txekoslovakia, Danimarka, Norvegia, Suedia eta Aljeria izan ziren kirolari gehien bidali zituztenak. Emigratutako kirolari judutarren ordezkaritzak, Alsazia, Katalunia, Euskadi eta Galiziakoak ere egon ziren, beste batzuen artean.

Alemania eta Italiako taldeak, herrialde horietako erbesteratuz osatuak zeuden. Kirolari gehienak, kirol talde sindikaletakoak eta ezkerreko alderdietakoak ziren, eta ez estatuko kirol komite olinpikokoak, kirolari horien artean, maila altuko batzuk bazeuden arren.

1929ko Bartzelonako Nazioarteko Erakusketarako eraiki ziren ostatu eta hotelak erabiliko ziren, eta Montjuiceko estadioa, gaur egun Lluís Companys Estadio Olinpikoa, jokoen egoitza izango zen.


Iturria: Wikipedia. Entziklopedia askea.

Aucun commentaire: