Erresuma Batuarentzat espioi lanak egin zituen Egipton, Mekan sartzen saiatzeagatik kartzelatu zuten, opioa saldu zien naziei, hilketak leporatu zizkioten... Zurrunbilo batean bizi zen Marga d'Andurain baionarra.
Tangerren (Maroko) 1948ko azaroaren 5ean bertako mafiak estrangulatuta hil baino lehen, Marga D'Andurain abenturazaleak hainbat urtean isilpean gordetako errealitatea ezagutarazi zion Jacques seme gazteari: espioitza zuen ogibide. D'Andurainek Euskal Herritik alde egin zuen Erresuma Batuko zerbitzu sekretuetan lan egiteko asmoz, eta Ekialde Hurbila izan zuen jomuga 1920ko hamarkadan. Abenturazalearen mitotik harago, Cristina Morato kazetari katalanak ohiz kanpoko emakume horren bizimodua laburbildu du "Cautiva en Arabia" liburuan (Plaza & Janes).
Jeanne Amelie Marguerite Clerisse Baionan jaio zen 1893an. Txikitatik garaiko burgesiaren usadio zaharrak apurtzeko asmoa erakutsi zuen, baita emakumeei egokitutako estereotipoak apurtzeko asmoa ere. Alaba txikiaren izaera bihurriak atsekabe handia eman zion Marie Diriart amari. Hainbat ikastetxetatik kanporatua izan ondoren, neskatoari exorzismoa egitea bururatu zitzaion amari, eta hala egin zioten Baionako Andre Maria katedraleko kapera txiki batean. Nolanahi ere, berezko jakin-min amaiezinari eutsi eta Hondarribiko (Gipuzkoa) Ursulinen ikastetxean aurkitu zuen bere lekua. Aurrerantzean, Marga izena hartu zuen.
Ikasketak utzi eta gazte ezkondu zen Pierre D'Andurain lehengusuarekin. Hark garaiko familia burgesen ohiko gaixotasuna oinordetu zuen: ez zuen lan egiteko gogo handirik. Margak Jean Pierre eta Jacques semeak aurrera atera behar zituen, baina ez zitzaion inolaz ere garaiko etxekoandreen ohiko bizimoduari atxiki nahi. Hortaz, Oxfordera (Ingalaterra) jo zuen espioia izateko formakuntza egiteko. Handik, Egiptora alde egin zuen.
Nobletasun titulua asmatu eta Mary Stuart izeneko apaindegia zabaldu zuen Kairon. D'Andurain kondesak harreman ezin hobea zeukan Egiptoko goi leinuko hainbat emakumerekin. Helburu argia zuen, eta espioitza enplegu hutsa zen beretzat. Izan ere, Mata Harik ez bezala -harekin konparatu izan dute-, D'Andurainek ez zuen ideologia politiko jakin baten aldeko jarrerarik erakutsi. Abentura arriskutsu horretatik bizirik ateratzea zuen ardura.
Kairon espioitza lanak amaituak zituela, Erresuma Batuko inteligentzia zerbitzuko buru W.F. Sinclair ezagutu zuen Haifarako (Palestina) bidaia batean. Maitasun harreman laburra izan zuten, D'Andurainek benetako oasia aurkitu zuen arte: Palmira herrixka (Siria). Senarra eta semeekin batera, Zenobia erreginaren omenezko hotela zabaldu zuen basamortu erdian eta Euskal Herritik inportatutako altzariz bete zuen, herrimina baretu nahian.
Negozio biribila ekarri zuen arren, baionarrak monotoniaren aurka borrokatzeko beharra zuen. Dibortzioa eskatu eta Meka hiri santura (Saudi Arabia) pelegrinazioa egiten zuen lehen emakumea izateko asmoari heldu zion 1933an. Beduino batekin ezkondu eta bideari ekin zion, baina Yiddako espetxean bukatu zuen. Ustez senarra pozoitu izanagatik, heriotza zigorra ezarri zioten. Hala ere, Frantziako kontsulatuak lortu zuen zigorra bertan behera uztea, Parisera bueltan bidaltzearen truke.
Naziei opioa saldu zien diru apur bat lortzeko, Jacques semeak erresistentziaren alde borrokatu zuen bitartean. II. Mundu Gerra bukatzean, beste hilketa bat egotzi zieten, Raymond Clerisse ilobarena, alegia. Berriz ere, ezin izan zuten frogatu erruduna zela, garaiko prentsa sentsazionalistak plazaratutako artikuluek zirrara handia sorrarazi zuten arren.
Prentsak behin betiko madarikatu zuen arren, D'Andurainek ez zion uko egin arriskuzale amorratua izateari. Marokora ihes egin zuen, eta aurreztutako diruarekin belaontzi txikia erosi zuen. Plan bikaina zuen esku artean. Kongora bidaia egin nahi zuen harribitxiekin negozioa egiteko, baina mafiak hil zuen, itota. Hilketaren arrazoiak misterio izaten jarraitzen du, beste zenbait pasadizok bezala. Hutsune ugari ditu oraindik euskal emakume abenturazaleen aitzindariaren biografiak.
*Iturria: Miren Korta, "Euskal espioi bat Ekialde Hurbilean", Berria, 2009ko maiatzaren 28an.
Aucun commentaire:
Enregistrer un commentaire