2009/05/04

Mussoliniren itzal luzea Italian

Erromako hiritarrak, munduko beste tokitan bezala, faxismoak utzitako sinbologiaz inguratuta bizi dira egun. Benito Mussolini, Duce izenaz ere deitua, Italiako hiriburuko hainbat eraikuntza eta artelanetan oso presente dago oraindik. Diktadurak pairatu dituzten munduko beste hainbat herri gogor saiatu dira beren historiako une beltzak atzean uzten; Italian, berriz, ez da inolako polemikarik piztu egunerokotaunean faxismoaren presentzia hain nabarmena izateagatik.

Duela 63 urte zendu zen Mussolini, baina erromatarrentzat bizirik dirau, haren omenez eraikitako arkitektura lanen ondorioz. Horien artean daude Terminiko tren geltokia, Farnesina jauregia (Alderdi Faxistaren egoitz ete egun Italiako Gobernuaren Kanpo Arazoetako Ministerioaren egoitza) edo Erromako faxismoaren islarik garbiena den EUR auzoa. 1942. urteko Erromako Erakusketa Unibertsala hartu behar zuen eremua zen hori, II. Mundu Gerra hasi zela-eta, bere horretan utzi behar izan zutena. EUR auzoan marmol zuriz eraikitako eraikuntzak aurki daitezke, eta Duce behin eta berriz ageri da idatzia.

Ofizioen Jauregia izan zen auzo horretan sortutako lehen eraikina, eta haren aurrealdean irakur daiteke Mussolinik Erromaren hedapenerako zituen asmoak: "Hirugarren Erroma mendi gailurretatik ibai sakratuaren ertzeraino hedatuko da, Tirrenoko hondartzetaraino heldu arte". "Hirugarren Erroma" izenaz ezagutzen da Mussolinik Erroma faxistarako zuen proiektua. Eraikuntza horretan Benito Mussolini islatzen duen estela erraldoia ere ikus daiteke. Diktadorea zaldi gainean eta faxismoaren agur bereizgarria egiten ari dela ageri da.

Krola gogoko zuen, eta bere gorputz-enborra biluzik agertzea gustatzen zitazion. Horregatik, kirol ugaritan aritzeko instalazioa eraiki zuen Erroman, Foro Mussolini izenekoa. Kasu horretan, bai, erromatarrek izena aldatu egin zioten, eta egun Italico du izena. Hala ere, bere omenez eraikitako obeliskoa dago bertan, eta hizki larriz idatziat hurrengo leloa duen mosaiko bat ere bai: "Duce gure gaztetasuna eskaintzen dizugu".

Diktadorearen itzala Inperio Foruen etorbidean ere nabaria da. Izan ere, berak Venezia jauregian zuen bulego ofizialetik Coliseoa ikusi nahi zuela-eta, hainbat auzo oso-osorik eraitsi zituen horretarako. Horren ondorioz dago korridore handi hori Erromako erdigunean.

Monumentuez gain, faxismoarekin lotutako gune berezi bat ere badago Erromatik 50 kilometro hegoaldera: Il Federale izeneko jatetxea. Izen hori hartzen zuten probintzia bakoitzeko Alderdi Faxistako idazkariek. Faxismo garaiko koadro eta sinboloekin dago apainduta eta diktadorearen estatua eta erretratuak ere ageri dira. Mussoliniren omenez zabalutako jatetxe horretan, gainera, faxismoarekin zerikusia duten izenak dituzten platerak eska daitezke, adibidez, "Pasta alla Balilla" (Italiako gazteria faxistaren izena) izeneko. Hori guztia etxeko ardoarekin lagunduta, jakina: Mussoliniren aurpegia marraztuta duen bolitan eskainia.

*Iturria: Zazpika aldizkaria, 53. zka., 2009ko apirilaren 5a.

Aucun commentaire: