2009/02/14

World Press Photo: 2008 urtea

Anthony Suau, "AEBetako ekonomia krisian"

Irudiek hitzek baino indar handiagoa dute batzuetan. Alaitu, haserrarazi, hunkitu, tristatu egiten gaituzte. Munduaren neurria ematen dute, gizakiarena. Ahalegina, gaiztakeria, elkartasuna, botere nahia, ausardia. Berez hitz egiten dute irudiek. Eta batzuetan oso ozen. World Press Photo nazioarteko argazki lehiaketakoek, esaterako. 2008ko gertakari garrantzitsuenen isla dira. Atzo jakinarazi zituzten irabazleen izena.

Zuri-beltzeko irudi bat aukeratu dute Urteko Argazki gisa, Anthony Suau argazkilari estatubatuarrarena. Time aldizkarian argitaratu zuten, 2008ko martxoan. Aktualitateari estu lotutako gaia da: krisi ekonomikoa. Gerrako irudi bat dirudi, baina ez da: zorrak ordaindu ezin izan dituen Clevelandeko (Ohio) familia baten etxea da. "AEBetako ekonomia krisian" du goiburu. Familia bota egin dute, eta Robert Kole detektibea denak joan direla ziurtatzen ari da.

Hemen klikatuz gero,
saritutako argazki guztiak ikusiko dituzue. Hori bai, gauza eder gutxi topatuko dituzue joan zitzaigun 2008 urte hartan, argazkilari profesionalen begiradatik bederen.

Aucun commentaire: