2009/02/21

Guadalupe irla: Kolonialismo frantziarra.

Ostiralean, "Nork menderatzen du mundua gaur egun? Inperialismo berriak" jarduera landu genuen, eta horrekin Inperialismoaren gaia amaitu. Azterketaren data ere finkatu egin genuen, ez ahaztu: martxoaren 3an.

Sarrera berri honetan gaur egun dirauen kolonialismo frantziarraren adibide bat aipatuko dizuet, azken egun hauetan bertatik berri larriak ailegatu baitzaizkigu. Frantziaren menpeko Antilletan, Guadalupeko uhartean, joan den urtarrilaren 20az geroztik dirauen gatazka soziala larriagotu egin da. Izan ere, UGTG langile sindikatu independentistako kide batek astearte gauean bizia galdu zuen.

Frantziako metropolitik 7.000 kilometrora aurkitzen da Guadalupe. Uharte horretan, baita Antilletan kokatuta dagoen Martinikan ere, gizarte ondoeza ez da gaurko kontua. DOM Itsasoz Bestaldeko Departamendu horietan, kolonialismo frantziarraren sustraiak eta eragileak ez dira desagertu. Horren froga argiena da aipatu uharteetan jabetzaren %80 inguru beke-en eskuetan dela; hau da, kolono zurien ondorengoen menpe. Hala, gehienbat Frantzia aldetik iristen diren elikagai eta kontsumorako beste ekoizkinen banaketa eta salmentarako azpiegitura ia guztiak beke familiek kontrolatzen dituzte.

Guadalupeko ekonomiaren gaineko kontrola izateaz gain, beke askoren arrazakeria aski nabari da. Horren lekuko izan da, uharteko familia aberatsenetako bateko kide den Alain Huygues-Despointes. Iragan urtarrilaren 30ean erreportaje batean bere arraza zaindu nahi zuela adierazi zuen deplauki. Hitz sinesgaitz horiek Parisen bertan kritika oldea eragin dute, eta epaitzeko bidean jarri dituzte.

Ekonomiaren alorrean hain nabaria den desoreka sozial horrek, jakina, ondorioak deragitza jendartean. Hala, langabezia tasa %22koa zen iazko azken hiruhilekoan, Guadalupen; Frantzian, berriz, %7,2koa zen. Halaber, herritar gazteenen artean are handiagoa da langabezia, 30 urte baino gutxiago dituzten %39,8k lanik ez baitute. Beste bizibiderik ez dutenei ematen zaien RMI diru-saria, berriz, herritarren %8k jasotzen dute -%2 dira Frantzian-.

KLIKATU HEMEN (euskaraz) eta HEMEN (frantsesez, garatuago), Guadalupe irlaren inguruko informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero.

Tira, bada, lagunok, hurrengo astean I. Mundu Gerra aztertzeari ekingo diogu. Hori bai, Aitor, ez ahaztu baduzula ordu oso bat "Geronimo" liburua aurkez diezaguzun. Esango diguzu noizko.

4 commentaires:

Anonyme a dit…

gaur egungo koloniak ez dituzte estatuek egiten, enpresek baizik. nork esplotatzen ditu guadalupeko lantegietako langileei? frantziako (eta beste estatuetako) enpresek, eta frantziak bakarrik hemengo zergak irabazten ditu horregatik uste dut "kolonialismo frantziarra" izenbura gaizki dagoela frantzian frantziar guztiak sartzen direlako

Anonyme a dit…

Kaixo
Ez dakit nire ikasleetako bat zaren. Horrela ezean, ongi etorri gune honetara eta bertan jarraitzera animatu nahi zaitut. Maisu honen ikaslea izanez gero, bi gauzatxo komentatu nahi dizkizut: lehenik eta behin, ez ahaztu Kolonialismoa bultzatu zuten faktore guztiak (ekonomikoaz gain, ideologikoak, estrategikoak...); bestetik (eta hau bioi zuzenduta), Kolonialismo izenak, hasiera-hasieratik, herri/nazio/Estatu bat izan du abizena: frantziarra, ingelesa, espainola... Eta nazio kolonizatzaile horrek legez menpe izan/izaten du beste herri hori. Beraz, eta Guadalupeko kasuan, Frantziari dagokio irlako zein bertakoen estatusa legala. Ez ahaztu, Guadalupekoak legez frantziarrak dira. Hori horrela izanik, Kolonialismo horrek zaila izango du abizena galtzea, ezta?
Maisua

Anonyme a dit…

bai, abizen hori jartzen zen orain direla 200 urte, eta hau historian gutxi izan arren sozialki azken 200 urteak garrantzi handia izan dute... lehen alfonso XIII. zen esplotatzen zuena baina gaur sarkozyk ez du langilerik enpresetan, horregatik uste dut gaur egun abizen hoiek soberan daudela. bestela nola azal dezakezu nike enpresak egiten duena bai indian bai txinan... hori ez ahal da kolonialismoa naiz eta hango biztanleak induak edo txinatarrak izan?

Anonyme a dit…

Aspaldiko! Ia hilabetea joan zaigu, eh? Ongi da, zer deritzozu Abizenak alboratu eta Izenari erreparatzen badiogu? Nor/Zer da abizen horiek guztiak (kolonialismoa, esplotazioa...) dituena?

Maisua