Ostiralean,
"Nork menderatzen du mundua gaur egun? Inperialismo berriak" jarduera landu genuen, eta horrekin
Inperialismoaren gaia amaitu.
Azterketaren data ere finkatu egin genuen, ez ahaztu:
martxoaren 3an.
Sarrera berri honetan gaur egun dirauen kolonialismo frantziarraren adibide bat aipatuko dizuet, azken egun hauetan bertatik berri larriak ailegatu baitzaizkigu. Frantziaren menpeko Antilletan, Guadalupeko uhartean, joan den urtarrilaren 20az geroztik dirauen gatazka soziala larriagotu egin da. Izan ere, UGTG langile sindikatu independentistako kide batek astearte gauean bizia galdu zuen.
Frantziako metropolitik 7.000 kilometrora aurkitzen da Guadalupe. Uharte horretan, baita Antilletan kokatuta dagoen
Martinikan ere, gizarte ondoeza ez da gaurko kontua.
DOM Itsasoz Bestaldeko Departamendu horietan,
kolonialismo frantziarraren sustraiak eta eragileak ez dira desagertu. Horren froga argiena da aipatu uharteetan jabetzaren %80 inguru
beke-en eskuetan dela; hau da, kolono zurien ondorengoen menpe. Hala, gehienbat Frantzia aldetik iristen diren elikagai eta kontsumorako beste ekoizkinen banaketa eta salmentarako azpiegitura ia guztiak
beke familiek kontrolatzen dituzte.
Guadalupeko ekonomiaren gaineko kontrola izateaz gain,
beke askoren
arrazakeria aski nabari da. Horren lekuko izan da, uharteko familia aberatsenetako bateko kide den Alain Huygues-Despointes. Iragan urtarrilaren 30ean erreportaje batean bere arraza zaindu nahi zuela adierazi zuen deplauki. Hitz sinesgaitz horiek Parisen bertan kritika oldea eragin dute, eta epaitzeko bidean jarri dituzte.
Ekonomiaren alorrean hain nabaria den
desoreka sozial horrek, jakina, ondorioak deragitza jendartean. Hala, langabezia tasa %22koa zen iazko azken hiruhilekoan, Guadalupen; Frantzian, berriz, %7,2koa zen. Halaber, herritar gazteenen artean are handiagoa da langabezia, 30 urte baino gutxiago dituzten %39,8k lanik ez baitute. Beste bizibiderik ez dutenei ematen zaien RMI diru-saria, berriz, herritarren %8k jasotzen dute -%2 dira Frantzian-.
KLIKATU HEMEN (euskaraz) eta
HEMEN (frantsesez, garatuago), Guadalupe irlaren inguruko informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero.
Tira, bada, lagunok, hurrengo astean
I. Mundu Gerra aztertzeari ekingo diogu. Hori bai, Aitor, ez ahaztu baduzula ordu oso bat
"Geronimo" liburua aurkez diezaguzun. Esango diguzu noizko.